GURE ESKOLA

Gure eskola txikia Ezkio-Itsasoko Herri Eskola da. Ezkio-Itsaso herrian kokatuta dago. Ezkio-Itsaso Gipuzkoako hegoaldean dago, Goierriko bihotzean eta Urola Garaiko Mankomunitatearen partaide da.
Herria gaur egun 6 auzo guneetan sakabanatua dago: Ezkio, Itsaso, Itsaso-Alegi, Santa Lutzi, Mantxinbenta eta Mandubi, eskola Santa Lutzia auzoan dagoelarik.
Nahiz eta herria landa eremuan kokatuta egon, herriaren ekonomia iturria industria da. Herritar gehienak kanpoan lan egiten dute industria eta zerbitzu arloetan. Maila sozioekonomikoa ertaina eta orekatua dela esan dezakegu orohar. Baserri giroa presente dago, kronologikoki familietan nahiz gertutasunean dagoelako.
Urteak dira Ezkio-Itsasok eskolarik izan ez duela. Urte horietan zehar, sakabanaketa fisikoak, habitat barreiatuak, haur eta helduek egunero herritik kanpora joan beharrak eta Ezkio-Itsason izan diren joera ezberdinek eta herriak duen egiturak, besteak beste, herri kontzientzia urratuz joan dira. Herriaren egiturak biztanleriaren mugikortasunean ere eragin zuzena izan du.
Ezkio-Itsasok apustu garbia egin du; egunerokotasunean, era natural edo berezkoan, herritarrak elkartuko dituzten egitasmoak landu eta bultzatzea, herritarrak sentitzea eta egitea.
Helburu hau bultzatzen laguntzeko, elkargune garrantzitsuenetako bat Ezkio-Itsasoko herri eskola izan da.
2013ko abenduaren 26an Hezkuntza Sailean aurkeztu zen txostenak jasotzen duen moduan, udalak eta guraso talde baten ahaleginek eta hartutako konpromisoaren ondorioz, 2014ko irailean Ezkio-Itsasok bere eskola ireki zuen.
Gaur egun, gure eskolak bederatzi urtetako ibilbidea duen honetan, esan genezake hastapenetan sortutako zutabeen habearteak, eraikitzen jarraitzen dirau. Zutabe hauek finkatzerako garaian, eskolako komunitate guztion artean definitu genuen Hezkuntza Proiektua.
Egoera honetan, beraz, argi ikusten da Herri eskolaren sortze prozesua ez dela amaitu eta etorkizuneko habearteak sendotzen jarraituko dugula.